Elgoibarko enpresak trazagarritasun- eta zibersegurtasun-teknologiak ezarri ditu Inplantalariak programaren bitartez
Berkoa kooperatiba makina-erremintaren sektorean espezializatutako enpresa gazte bat da, nahiz eta bere sortzaileek esperientzia zabala duten prozesu industrialen kalitatea hobetzeko makina pertsonalizatuen fabrikazioan. Eraldaketa digitaleko hainbat prozesu abiarazi dituzte SPRI Taldeak garatutako Inplantalariak programaren bitartez, besteak beste, barneko prozesuak optimizatzeko eta zibersegurtasuna hobetzeko proiektuak. MikroETEeei zuzendutako laguntza- eta prestakuntza-programa horren bidez, errealitate birtuala bezalako teknologia berriak sartzen ari dira, beren bezeroentzako zerbitzu eskaintza zabaltzeko.
Inplantalariak zerbitzuaren bitartez, Berkoa enpresak sistema berri bat txertatu du biltegian dauzkan piezen stock-a kontrolatzeko RFID pistolak erabiliz. Horrela lortu du trazagarritasuna hobetzea eta bezeroentzako arreta azkartzea. “Teknologia honi esker, biltegian dauzkagun pieza guztien jarraipena egiteaz gain, berehalako erantzuna eman dezakegu bezeroak ordezko bat behar badu” azaldu du Andoni Garcíak, Berkoako kudeatzaileak.
Urtarrilean aholkularitza-prozesu berri bat hasi dute errealitate birtuala sartzeko bezeroei eskaintzen dizkieten zerbitzuen artean. “Aukera eman digu teknologia honek eskaintzen dizkigun aukerak identifikatzeko” azaldu du Andoni Garcíak, “orain aztertu behar dugu nola txertatu dezakegun gure bezeroei eskaintzen dizkiegun zerbitzuak hobetzeko, kalitatea handituz produkzio-prozesuetan eta langile berriei makinen erabilpenari buruz ematen diegun prestakuntzan”. Programa honi esker, 2020an orobat jaso dute zibersegurtasunari buruzko aholkularitza pertsonalizatua, eta laguntza horretatik abiatuta, hainbat neurri hartu dituzte erasoak saihesteko eta zerbitzarien barneko segurtasuna hobetzeko.
Berkoa kooperatiba espezializatuta dago bezero industrialen premia espezifikoei erantzuten dieten makina berri pertsonalizatuen fabrikazioan. Bere jarduera-eremuek beren baitan hartzen dute, halaber, retrofit delakoa, hots, erabilitako makinak (normalean bezeroarenak) hobetzeko prozesuak, non prestazioak hobetzen eta egokitzen baitira prozesu desberdinetarako, eta baita ere mantenimendu prediktiboko zerbitzuak. Eraldaketa digitalaren esparruan, ahalegina egiten ari dira piezen trazagarritasuna hobetzeko teknologia berriak erabiliz, eta lantegiko makinei sentsoreak jartzeko.
Enpresako kudeatzaile Andoni Garcíak dioenez, Inplantalariak programan parte hartuz aukera berriak zabaldu zaizkie prozesu eta produktuak hobetzeko. “Enpresa txikiok ez daukagu astirik merkatua ikertzeko, horregatik, horrelako planak oso garrantzitsuak dira guretzat, erakusten digutelako nolako metodologia eta tresnak erabiltzen ari diren enpresa handiak”.
Inplantalariak doako zerbitzu bat da, helburutzat duena eraldaketa digitala eramatea euskal mikroETEetara. Programa horren bitartez, SPRI Taldeak aholkularitza teknologiko pertsonalizatua ematen du eta digitalizazio-prozesua abian jartzeko behar dituzten konponbide aproposenak identifikatzen eta inplementatzen laguntzen die mikro-enpresei. Inplantalariak 2011n sortu zen eta, harrezkero, 8.000tik gora mikro-enpresak eskatu dute zerbitzu hau, eta 7.000 ezarpen teknologiko inguru egin dira.
Iturria: Spri. Albistea ikusi.